Monumentu

Leongo katedrala, Espainian ofizialki, Monumentu bezala izendatutako lehen eraikina (1844), bere kontserbazioaren larritasunaren ondorioz.

Monumentu bat (latinez monumentum, "oroitzapen"), justifikatutako balio artistiko, historiko edo soziala duen arkitektura lan oro da, bai eta pertsonaia bat edo batzuetan, kontzeptu bat omentzeko egindako formatu handiko eskultura[1], adibidez, Dublingo Wellington monumentua. Latinezko monumentum hitzetik dator, monere aditzaren nominalizazioa; monere gogorarazi esan nahi du[2].

Jatorrian, pertsonaia edo gertaera garrantzitsu baten omenez egiten zen eraikina adierazteko soilik erabiltzen zen, baina, hedapenez, hirigune edo landagune batean dagoen edozein eraikin historiko ere jaso du bere esanahian. Antzinatean, hitz hau bereziki hilobi-izaerako obrak adierazteko erabiltzen zen[3], eta Erromatar Inperioaren garaian, enperadoreari eta, orokorrean, bere gorteari eskainitakoa zen estatua edo obelisko bat izan ohi zen.

Ondare kulturala eta historikoa legalki arautzen hasi zenean, figura juridikoa bilakatu zen. XX. mendearen amaieratik, eta ondare historikoari dagokion nazioarteko araudiaren erregulazioaren ondoren, kontzeptua hedatu da balio bereziko toki edo gertaera naturalak eta interes zientifiko, tekniko edo soziala duten lanak barnebiltzeraino.

« Iraganeko mezu espirituala daramatenak, herri bakoitzeko eraikin monumentalak, gaur egun, bere lurreko tradizioen testigutza bizia dira. Gizateriak, egunero, giza balioen batasunaren kontzientzia hartzen duelarik, amankomuneko ondaretza hartzen ditu, eta, etorkizuneko belaunaldietan pentsatuz, solidarioki, bere kontserbazioaren arduraduntzat hartzen du bere burua. »
  1. «EH - Bilaketa - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-12).
  2. «monument | Search Online Etymology Dictionary» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-12).
  3. «monumentu - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-12).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search